Fecha actualización:
  • Azken eguneratzea: 2016/11/11
Seleccione su idioma:
inprimatu bidali Aa Aa
Hernani

?

Gazte Lokalak: gazteen eta bizilagunen artean elkarbizitza sustatzeko Bitartekaritza Zerbitzu berria abian jarriko du Udalak. 

Gazte lokalak
Gazte lokalak

Udalaren esku-hartzearen helburu nagusia da gazteen lokalen fenomenoak herrian sor ditzakeen arazoak murriztea, beti ere gazteek haien aisialdiaz gozatzeko eskubidea eta bizilagunek atsedenerako duten eskubidea errespetatuta.

Gazteen lokalak Hernaniko gazte askoren aisialdi gune eta lagunekin elkartzeko topaleku bihurtu dira. Errealitate honetan hiru protagonista daude: gazte erabiltzaileak, lokalen jabeak eta bizilagunak.

Haien arteko elkarbizitza egokia bermatzen laguntzeko asmoz, Hernaniko Udalak zenbait gomendio jaso ditu, gaurtik aurrera helburu-talde bakoitzaren hizkuntzara egokitutako euskarrien bitartez aditzera emango direnak: helduentzako Gomendioen Gida eta gazteentzako kartela, alegia. Hauek biak gazteen lokalen erabilera egokia eta segurua ahalbidetzeko tresnak izatea nahi da. Gomendioez gain, Bitartekaritza Zerbitzu berria abian jarriko du Udalak, Gazteria Arloak koordinatuko duena, bereziki arlo hauek aintzat hartuta: Segurtasuna, Hondakinen Kudeaketa eta Bizikidetza. Izan ere, egunerokoan azaltzen joango diren gaztazken aurrean besteekin adostasunetara iristeko bidea erraztu nahi da, elkarri ulertzea eta errespetatzea oinarri izanik.

Gazte lokaletako erabiltzaileek libreki erabakiko dute Bitartekaritza Zerbitzuan izena eman nahi duten edo ez. Bide hau aukeratuko duten gazteek Udalaren informazio eta orientazioa jasotzeaz gain, mota ezberdinetako gatazkak kudeatzeko bitartekari baten laguntza izango dute.Aurkezten ari garena prozesu baten emaitza da, hasiera batetik parte-hartzailea izan dena: Aztikerrek lokaletako jabe, erabiltzaile eta bizilagunekin egindako hasierako lanetik abiatuta, Udalak proposamen bat landu, beste alderdiei proposamen honen berri eman eta azkenik #GAZTETUHERNANI gazte-kontseiluak irailean ontzat eman zuena.


Fitxategiak

| Gudarien plaza, 1 - (20120). Telefonoa:943 337000 | © Hernaniko Udala. IFK P2004300F